URTXALETIK UZTAPIDERA, ERROMERIA ISIL BAT

 

Ainara Lasa Perez naiz, oiartzuarra, eta Ergoienen bizi naiz azken lau urteetan.

Urtxal(l)e edo Uztapide plazak sortzen didan lilura, aspaldikoa da ordea. Han bilatu izan dut sarri lasaitasuna.

Azken urte hauetan, maiz atera dizkiot plazari argazkiak, beti hain isil eta bakarti. Joan dira urtaroak bata bestearen atzetik, eta plazan dena mutu, haizeak mugitutako hostoen kulunka hotsa baino ez. Eta hori, tokatzen denean.

Argazkilaritza ikastaro bat egiten ari naiz, eta plazaren burrunba isilak eraman ninduen bertatik bertara dudan txoko eder hau erretratatzera. Neguan hasi eta udazkena bitarte erretratatzera: plazan urtaroen aldaketa baino apenas deus gehiago gertatzen ez dela erakusteko. Jaietan salbu.

Baina leku honek badu memoria bat, eta auzoko biztanleek gordetzen dute. Izenetik hasita, belaunaldi berriek Uztapide plaza gisa ezagutzen duguna, auzokoek Urtxal(l)e izenez ezagutzen dute, edadeko jendeak batez ere. Urtxale Ergoien auzoaren jardun industrialari lotutako izena dela esango nuke, han eta hemen orain arte topatu dudan informazioagatik. (Urtzaile=fundidor). Sakontzen jarraitu behar.

Uztapide Ergoienen bizi izan zen, haren omenez jarri zioten ofiziali plazari Uztapide, 1975eko abuztuaren 8an. Mereziko zuen plaza bat Uztapidek. Baina Urtxal(l)e izena badoa, badoa, badoan jendearen memorietan, eta gu galtzen ari gara hitza eta hitzarekin paisaia, leku honen historia.

Plazaren eskuinaldera ikus liteke karobi bat, erreka bazterrean zegoen burdinolatik kamioikadak burdin ateratzen ziren garai batean, Matxieneko bizilagunek esana da.

Argazkilaritza proiektuan, plaza bakartiaren argazkiez gain, plazaren historia jaso nahiko nuke, protagonisten ahotik. Zer oroitzen duten plazaz, zertarako erabiltzen zuten, auzoan zein funtzio zuen. Eta Ergoindarrez plaza bete, eta banan bana erretratatu, eta gure zaharrengandik ikasi.

Isiltasuna eten, plaza hartu, ikasi, gorde eta biziberritu.

Martxoaren 18an, gonbidatuta zaudete plazara hurbildu, eta zuen oroitzapenak kontatzera, argazkiak egitera (ekarri argazki zaharrak, baldin badituzue)…

Ondoren mokadu bat hartuko dugu elkarrekin.

Eskerrik asko bihotzez aldez aurretik proiektuan parte hartuko duzuenei.

Ainara Lasa Perez