Bihotzera tiro egin ziguten

Ez nintzen Egunkariko langilea Guardia Zibila Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileraren aginduz istera etorri zenean baina egunero gurutzatzen dut giltzarrapo baten zuloak dituen ate bat lantokira.

En nintzen Egunkariko langilea 2003ko otsailaren 20an baina irakurlea bai eta gogoratzen dut bihotza izoztu zitzaidala iratzargailuak jo eta irratian Egunkaria itxi zutela entzun nuenean. Bihotza izoztu zitzaidan, bihotzera tiro egin zigutela sentitu nuelako. Eta betiko itzali nuela irratia, albiste txarrak baino ematen ez zizkidalako.

Ez nintzen Egunkariko langilea baina gogoan dut egun haietako hotza eta berunezko zeruaren erdian biharamunean Egunero eskuartean hartu nuenean negar egin nuela eta harro sentitu nintzela Egunkariko langileez eta gure indarraz. Eta amorruak ez duela intensidaderik galdu ia 10 urteren ondoren, ikaragarria egin zigutelako. Eta dardar egin zidatela oinek beste behin tortura testigantzak entzutean eta dardar Donostiako manifestazioan.

Ez nintzen egunkariko langilea baina nik ere argi nuen berri baten beharra, ezinbestekoa zen.

Ez nintzen Egunkariko langilea baina gaur lankide ditut izan zirenetako asko eta sentitzen dut egunotan orain dela 10 urteko korapiloa lantokiko pasiloetan, begietan. Arnastu egiten da mina, amorrua eta emozioa.

Ez nintzen Egunkariko langilea baina gero langileek milaka pertsonen sustenguarekin BERRIA sortu genuelako naiz orain BERRIAko langilea eta egunero gurutzatzen dut giltzarrapo baten zuloak dituen ate bat lantokira.

Bihotzera tiro egin ziguten eta bihotzetik erantzun genien.Lortu genuen zuloa hutsune ez izatea, baina betiko faltako da Egunkaria, betiko geratuko injustizia. Eta hau ez da bukatu, auzi ekonomikoa zabalik dago. Ez dezagun ahaztu.

Bihar egingo dugu topo Martin Ugalde Kultur Parkean injustizia hura gogoratzeko.

Egunkaria auzia, webgune berezia

Ekitaldia