FOTOSINTESIA

 

Fotosintesia. 2013tik 2017ra egindako milaka argazkien lagina, muestra, bilduma txikia. 40 argazkiz osatua eta sei ataletan banatua.

Gorputzetik  eta paisaietatik abiatuz, ilusionismo ariketa baten bidez, errealitate berriak proposatzen dituen lana. Inguruari begiratuta, azkeneko urte hauetan eta bizi ditugun eta bizi gaituzten gatazkei lotuta, askotan sumatzen dudan noraez, kezka eta paralisiari erantzun bat emateko beharraren bulkadatik sortutako proposamena.

Amaitu gabe dagoen, mugimenduan jarraitzen duen eta, aldi berean, geldiunea proposatzen duen prozesua. Errealitateak aldatzeko daukagun gaitasunaz, mugitzeak gugan uzten duen arrastoaz, pentsaezinak ziren errealitate berriak sortzeko daukagun indarraz  gogoeta egiteko.

Lan hau da sortzen eta, era berean, desegiten ari den zerbait; ikusgaia denaren eta ez denaren arteko espazioa; etengabeko mugimenduan dagoen hori.

Lan hau da, argazkien erregistrotik abiatuta ere, argazkietako askotan ia argazkia izateari utzi dion irudi bat, kasik margo bihurtu dena askotan.

Lan hau da jolas bat; mugikorrarekin egindako argazkietatik abiatuta eta norabide zehatzik gabe sortzen joan naizena; baina zentzu bat bazeukana, gero ohartu naiz horretaz.

Lan hau da mundu oniriko bat, irudikatzeko, beste mundu batzuk posible direla.

Fotosintesiaren bidez, hazkuntzarako behar duten materia organiko bihurtzen dute materia ez organikoa landareek, algek eta zenbait bakteriok. Halaxe da lan hau ere: inguruan ilun eta aldagaitz ikusten dugun hori iraultzeko jarrera bat; eta haztera eramango gaitu.

Martxoaren 7tik 27ra

Errenteriako Xenpelar etxean

Astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara

Madalen kalea 32

Harremanetarako: Ainara Lasa Perez  660415719 / ainaralasaperez@gmail.com

Lanak salgai daude.