FOTOSINTESIA

 

Fotosintesia. 2013tik 2017ra egindako milaka argazkien lagina, muestra, bilduma txikia. 40 argazkiz osatua eta sei ataletan banatua.

Gorputzetik  eta paisaietatik abiatuz, ilusionismo ariketa baten bidez, errealitate berriak proposatzen dituen lana. Inguruari begiratuta, azkeneko urte hauetan eta bizi ditugun eta bizi gaituzten gatazkei lotuta, askotan sumatzen dudan noraez, kezka eta paralisiari erantzun bat emateko beharraren bulkadatik sortutako proposamena.

Amaitu gabe dagoen, mugimenduan jarraitzen duen eta, aldi berean, geldiunea proposatzen duen prozesua. Errealitateak aldatzeko daukagun gaitasunaz, mugitzeak gugan uzten duen arrastoaz, pentsaezinak ziren errealitate berriak sortzeko daukagun indarraz  gogoeta egiteko.

Lan hau da sortzen eta, era berean, desegiten ari den zerbait; ikusgaia denaren eta ez denaren arteko espazioa; etengabeko mugimenduan dagoen hori.

Lan hau da, argazkien erregistrotik abiatuta ere, argazkietako askotan ia argazkia izateari utzi dion irudi bat, kasik margo bihurtu dena askotan.

Lan hau da jolas bat; mugikorrarekin egindako argazkietatik abiatuta eta norabide zehatzik gabe sortzen joan naizena; baina zentzu bat bazeukana, gero ohartu naiz horretaz.

Lan hau da mundu oniriko bat, irudikatzeko, beste mundu batzuk posible direla.

Fotosintesiaren bidez, hazkuntzarako behar duten materia organiko bihurtzen dute materia ez organikoa landareek, algek eta zenbait bakteriok. Halaxe da lan hau ere: inguruan ilun eta aldagaitz ikusten dugun hori iraultzeko jarrera bat; eta haztera eramango gaitu.

Martxoaren 7tik 27ra

Errenteriako Xenpelar etxean

Astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara

Madalen kalea 32

Harremanetarako: Ainara Lasa Perez  660415719 / ainaralasaperez@gmail.com

Lanak salgai daude.

ISOBARAK

Isobarak_fotonoErrealitate paralelo batean eman badituzu bi urte, nahitaez zara asmatzaile, eta sinestun. Eta bat-batean ekaitz bortitzak harrapatu eta emergentziazko lur-hartzea egin behar izan baduzu, dena ikusiko duzu mugituta; definizio gabea, istante harrapaezina.

Behatz puntetan ez duzu zure gorputzaren amaiera aurkituko, ez duzu zapaltzen duzun lurrean amildegia zehazki non den ikusiko. Kontrola galdu duzu eta hor bizitzen ikasi behar.

Kaos bat da dena eta ez dago B planik. Plana mugitzen segitzea da. Trantsitatzea. Trantsizio handiaren lekuan, zurea propioa egitea. Eta maitatuko duzu betiko indefinizioa, errealitatea erauzi eta iraultzeko bide ematen dizulako.

Gatazkak gainditzeko kaosa aldarrikatuko duzu, orden berri baten alde. Haizearen indarra eta norantza jakitea da gakoa. Hor ondo kokatzea eta gainerakoa zoriaren esku (ere) uztea. Hor sortzen dira errealitate berriak.

Paralisiaren kontrako antidotoa mugimendua da. Ez dago besterik.

Eta gure mapa termikoaren behatzaile izatea.

Gatazkak gainditzeko, Isobarak.