Aldarea

Oiartzunen azaroa/abenduan egin zen Hitzen Lihoa zikloaren barruan, ‘Aldarea’ ikuskizuna eman genuen. Gure meza. Hauexek gure aitorpenak:

“Ozeanoaren ertz abisalean nago. Ozeanoaren zulo beltzean.
5.000 metro ur azpira.
Toki iluna da, ez da eguzki izpirik heltzen itsaso hauetara
Argirik ez eta mundua asmatzeko dagoela dirudi
Itsuak dira bertako biztanleak
Ilunpe horretara egokitzeko asmatu dituzte hegal-ezkatak, begi erraldoiak, hortz zorrotzak, fantasiazko argi fluorrak, azal malguak eta adar luzeak.
Ilunpe horretan asmatu dute euren burua.

Erbesteko itsaso bat da hau.

Habitata norberarekin amaitzen den ozeano puska
Oihu eginez gero, irensten zaituena

Zaila dirudi bertan bizirautea, ez argirik, ez jatekorik eta bakardadea.
Instant batez nabigatu dut itsaso abisala, eta ohitu naiz ilunpera.
Halako batean argi dizdiratsuak ikusten hasi naiz, azalean itsaso geldoaren laztana eta azalaren kontra objetuak bata bestearen atzetik nire arreta piztu nahian, noraez patsadatsuan, hemen gaude, esnatu, esan nahian bezala.
Habitat bakartiak, bizigarrriagoa dirudi.

Baina…
Erbesteko itsaso bat da hau.

Eta batzuetan erbesteak ematen du garenaren neurria.
Hurruntzeak, begiradaren ihes puntua aldatzeak.

Zer ote dira gainera datozkidan objetuok,
nola ailegatu dira hona,
nork habitatu ditu inguru itogarriok nire aurretik.

Fauna abisalaren argia gero eta dizdiratsuagoa da, eta begien aurrean agertu zaizkit denborak igatutako liburuak, mihiseeak, panderoa, espartinak, diskoak, argazki kamara…Mundua sortzeko eta birsortzeko tresnak. Eta megafono batetik ozen, ahotsak, emakumeen ahotsak.
Ahotsak gogoetan, ahotsak kantuan, idazten, dantzan, emakume ahotsak mundua margotzen.

Erbesteko itsaso bat da hau.

Atzoko itsaso bat.
Eta eskerrak etorri naizen, eskerrak honaino erori naizen.
Erbesteko itsaso bat da hau eta orain arnasa hartzen ari naiz.

Zenbat pentsamendu, zenbat sormen, zenbat irakaspen, zenbat determinazio
Atzoko itsaso hauetan.

Gaur, itsaso ilun hauetan euren burua asmatu zuten emakumeak gurtzeko elkartu gara hemen. Mundua bestela irakurtzeko kulturgintzan aritu ziren emakumeen lana aitortzeko.
Ilunpetan euskal kulturaren karta nautikoa asmatu izana eskertzeko.
Nabigaziorako karta bat utzi ziguten.

Erbesteko itsaso bat da hau

Jarrai dezagun nor izateko mapa marrazten.
Jarrai dezagun euskararen bila
Jarrai dezagun herriaren bila

Gaur eurentzat da kultua, kultura, ura.
Gaur eurentzat da ozeano abisalean aurkitutako objetuekin egindako aldarea.
Gurtu ditzagun sortzen jarraituz.

Izan gaitezen gure baitako ozeano.
Pilatu ditzagun itsasoak.
Nahastu ditzagun atzoko eta gaurko urak
Galde diezaiegun atzokoei. Ikertu, arakatu, irakurri, entzun.
Gelditu eta entzun. Eta ekarri argira.
Iturria hor dago eta itsaso abisaletaraino doa.

Eta ur abisaletako nabigazioaren ondoren, zeharkatu ditzagun bizi-bizi itsasoak
Eta egin salto, ur azalera jauzi, ur azaletik plazara jauzi.
Egin dezagun erbestea etxe.

Beti da iluntasuna aukera bat, mundu berriak sortzeko.
Jalgi adi plazara!”

Ainara Lasa Perez

FOTOSINTESIA

 

Fotosintesia. 2013tik 2017ra egindako milaka argazkien lagina, muestra, bilduma txikia. 40 argazkiz osatua eta sei ataletan banatua.

Gorputzetik  eta paisaietatik abiatuz, ilusionismo ariketa baten bidez, errealitate berriak proposatzen dituen lana. Inguruari begiratuta, azkeneko urte hauetan eta bizi ditugun eta bizi gaituzten gatazkei lotuta, askotan sumatzen dudan noraez, kezka eta paralisiari erantzun bat emateko beharraren bulkadatik sortutako proposamena.

Amaitu gabe dagoen, mugimenduan jarraitzen duen eta, aldi berean, geldiunea proposatzen duen prozesua. Errealitateak aldatzeko daukagun gaitasunaz, mugitzeak gugan uzten duen arrastoaz, pentsaezinak ziren errealitate berriak sortzeko daukagun indarraz  gogoeta egiteko.

Lan hau da sortzen eta, era berean, desegiten ari den zerbait; ikusgaia denaren eta ez denaren arteko espazioa; etengabeko mugimenduan dagoen hori.

Lan hau da, argazkien erregistrotik abiatuta ere, argazkietako askotan ia argazkia izateari utzi dion irudi bat, kasik margo bihurtu dena askotan.

Lan hau da jolas bat; mugikorrarekin egindako argazkietatik abiatuta eta norabide zehatzik gabe sortzen joan naizena; baina zentzu bat bazeukana, gero ohartu naiz horretaz.

Lan hau da mundu oniriko bat, irudikatzeko, beste mundu batzuk posible direla.

Fotosintesiaren bidez, hazkuntzarako behar duten materia organiko bihurtzen dute materia ez organikoa landareek, algek eta zenbait bakteriok. Halaxe da lan hau ere: inguruan ilun eta aldagaitz ikusten dugun hori iraultzeko jarrera bat; eta haztera eramango gaitu.

Martxoaren 7tik 27ra

Errenteriako Xenpelar etxean

Astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara

Madalen kalea 32

Harremanetarako: Ainara Lasa Perez  660415719 / ainaralasaperez@gmail.com

Lanak salgai daude.