Eskaintza bat FALTA zen

Jokoa eten zenean hasi zen FALTA. 1984ko ekainaren 15ean.

Egun horretan ez ginen laura iritsi.

Eraman zuten ama,  ihes egin zuen aitak, galdu nituen haurtzaroa, gorputza eta osabak.

Agur moketa gainean oinutsik osabekin jolasten emandako garaiari. Hainbat etxetan anai-arrebak, seme-alabak, gurasoak,… falta eta osaba-izebak bikoiztu ziren garaiari. Haur haiei esan nahi nieke neri kontutatu zizkidatela eurentzako ziren ipuinak, dena ez zela erabat galdu.

Joseba Sarrionandiari aspaldi “Ez diren gauzak” poema irakurri nionean hasi nintzen pentsatzen sentitzen nuenaz, hasi nintzen galdu nuen gorputzaren bila, hasi nintzen bila.

Ez izateko, ausentzia izateko, nire baitan leku asko hartzen zuen haren bila. 29 urte geroago askatu naiz, lotuz.

1984 hartan bezala orain,  1900ean Hendaian eraikitako Gaztelu zahar frontoian aurkitu ditut erantzunak. Eskuartean hainbestetan izan nituen pilota haietan, eta ulertu nuen paretak zuloa itzultzearekin hariak ere eman zizkidala, larruaren azpian zeudela hariak, hari nintzela.

Bizitza paraleloetan bizi izan ginen haurrei eskaini nahi nieke.

Gurasoei, gero dena ulertu genuela. Hau sentitu genuen hari kantu bat dela.

FALTA izan zitzaidan hark ere egin nauelako nauena.

Ausentziak handiak izan zirela gero, baina presentziak direla barruan gordeta, josita geratu zaizkidanak.

Eta Larraitzi, bidea elkarrekin egin genuelako.

Mina badoa soinekoekin hegan.