Abuztuak 8. Inongo lekuak

Inongo lekuak

Geratu egiten gara ala joan?
Hala ere, geratzen garenean ez gara apur bat joaten?
Eta joaten garenean ez gara geratu egiten?

Hemen, geratu eta joan egiten gara?
Ala honuntz gatoz oraindik?
Eta hara ailegatzean, hona itzultzeko ala harantzago abiatzeko da?

Handik etortzean, han geratu ginen?
Hemen geratzean hemen geratzen gara?
Hemendik joaterakoan hara itzuliko gara?

Joatea itzultzea da beti?
Egundo egon gabeko lekura itzuliko gara?
Eta itzultzea harantzago joatea besterik ez bada?

Geratzen denak betirako geratzen dela pentsa dezake?
Ezinbestekoa da abiatzea eta ailegatu ezinean geratzea?

Abiatzen dena ez da egundo inon geratuko?
Ala itzuliko da?
Baina, itzultzen dena abiatu zen lekura itzultzen da ala?

Joseba Sarrionandia.

Bidean
hotel abandonatuak
barruko haizea galdu zuten mendiak
eta instalazioak
bidean, bidea