Abuztuak 1. Zita

Beroaren aginduetara nago
pausoa aldatu zait
loa.
XVI. mendeko musika piezekin nirekin erregresioan hiru lagun
harizko instrumentuekin
hemen egoteko nik aliatuak eta beraiek aitzakia bat beharko balute bezala
bizitzaren hariak
kasualitate ere esaten zaie

baina zer gertatu zen atzoko atzeko kantoietan?
Non galdu genuen zer?
Zuk zenbat balazulo dauzkazu?

Hondartzakoa ondo gogoan dut
orduan ikasi nuen “zita” hitzaren gerrako esannahia
Gureak gutxi iraun zuen,
oinak hondarrarekin erretzeko
astirik ez zen izan
arriskutsua zen
Banekien itzuliko zinela,
baina itzuli zinen arte
oinak eta bihotza
izoztu zitzaizkidan.