Bihotzera tiro egin ziguten

Ez nintzen Egunkariko langilea Guardia Zibila Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileraren aginduz istera etorri zenean baina egunero gurutzatzen dut giltzarrapo baten zuloak dituen ate bat lantokira.

En nintzen Egunkariko langilea 2003ko otsailaren 20an baina irakurlea bai eta gogoratzen dut bihotza izoztu zitzaidala iratzargailuak jo eta irratian Egunkaria itxi zutela entzun nuenean. Bihotza izoztu zitzaidan, bihotzera tiro egin zigutela sentitu nuelako. Eta betiko itzali nuela irratia, albiste txarrak baino ematen ez zizkidalako.

Ez nintzen Egunkariko langilea baina gogoan dut egun haietako hotza eta berunezko zeruaren erdian biharamunean Egunero eskuartean hartu nuenean negar egin nuela eta harro sentitu nintzela Egunkariko langileez eta gure indarraz. Eta amorruak ez duela intensidaderik galdu ia 10 urteren ondoren, ikaragarria egin zigutelako. Eta dardar egin zidatela oinek beste behin tortura testigantzak entzutean eta dardar Donostiako manifestazioan.

Ez nintzen egunkariko langilea baina nik ere argi nuen berri baten beharra, ezinbestekoa zen.

Ez nintzen Egunkariko langilea baina gaur lankide ditut izan zirenetako asko eta sentitzen dut egunotan orain dela 10 urteko korapiloa lantokiko pasiloetan, begietan. Arnastu egiten da mina, amorrua eta emozioa.

Ez nintzen Egunkariko langilea baina gero langileek milaka pertsonen sustenguarekin BERRIA sortu genuelako naiz orain BERRIAko langilea eta egunero gurutzatzen dut giltzarrapo baten zuloak dituen ate bat lantokira.

Bihotzera tiro egin ziguten eta bihotzetik erantzun genien.Lortu genuen zuloa hutsune ez izatea, baina betiko faltako da Egunkaria, betiko geratuko injustizia. Eta hau ez da bukatu, auzi ekonomikoa zabalik dago. Ez dezagun ahaztu.

Bihar egingo dugu topo Martin Ugalde Kultur Parkean injustizia hura gogoratzeko.

Egunkaria auzia, webgune berezia

Ekitaldia

Laboretegiaren pauso txikiak

Oreretako sortzaileen lanen erakusleiho izango den blogen bloga osatzen ari gara, blogsoviet berri bat. Blogsoviet-eko lagunen eskutik tailerra egin dugu gaur. Asko ikasi dugu, eskerrikasko pazientziarengatik. Mikelazulori ere eskerrikasko, etxean bezala egon gara.

Oreretakoa bazara eta blog bat baldin badaukazu, idatzi laboretegia@gmail.com helbidera eta jarriko gara zurekin harremanetan. Eta ez badaukazu baina sortu nahi baduzu, guk lagunduko dizugu.

2013-02-17 12.21.21

Bustitzea

Euria hasi zuen guretzako
eta ez genion kontra egin
ez genuen aterperik bilatu
euriak azala zeharkatu zigun
eta guk euria zeharkatu genuen
barrez
bustitzea erabakitzean soilik
sentitzen den plazeraz
arropak gero eta pisu gehiago
eta arinago gu
euria azal azpira ailegatu zenean
azaletik hasi ginen berriro

IMG_1236

zure, nire, gure

zure ipuinak niri kontatu zizkidan zure aitak
aita eta amak falta eta osaba-izebak biderkatu ziren garaian
balio badizu zure bizitzaren pieza bat nik daukadala esan nahi dizut
zure ausentziak nire presentzia izan zirela
ez zela erabat dena galdu.

18_3_FRONTOIA2