Hiltegitik hegan

Matadero baten alboan hasi nuen uda. Pentsa daiteke ez dela ausentziak osatzeko lekurik egokiena, baina non hiltegi alboan baino hobeto. Hil ala bizikoa zen.
Barrurantz eraman ninduen gero abuztuak, Espainiaren barrukaldera esan nahi da. Lehorrera, sikatzera. Piszina bat aurkitu nuen han. 10 metro haietan igeri egiten nuen egunero, hiltegi alboko lanak flotatzeko haina osatu ninduen baieztatzeko.
Han ikusi nuen argi bestaldea, gauzena. Nola bestaldea ez den beti kontrakoa; piszinaren urdinak laranja duela bestaldea eta ez dela kontrakoa, osagarria baizik. Aspaldi ikasi nuen baina ez nintzen orain arte konturatu.
Bestaldea gurutzatuta ailegatu nintzen Galiziako itsasora. Han errazago flotatzen nuen. Itsasoz aldatu beharra dago tarteka.
Amak Pontevedrarako bidaia luzeen ostean bisiten aurretik soinekoa eta azala nola lisatzen zigun gogoratu nuen Redondelako tren geltokia ikusi orduko. Itzulera bat, Milan Kunderaren “La ignorancia” irakurtzen nuen bitartean.
Hainbeste igeri egin eta txirlak erditu zitzaikidan. Eta erditu orduko txirlen oskolek hegoak zabaldu eta hegan egin zuten.
Eta gatzak grazia itzuli zidan.
Graziarekin ekingo diot udazkenari, bestaldeek ez dute uda soilik ezagutzen. Neguaren bestaldea ez al da ba uda?
Lanera itzuliko gara, baina itzuli gara etxera, lagun eta familia artera. Eta gauza handia da itzuli ahal izatea. Asko ekarri egin behar ditugu oraindik.
Ederra izan da beraz joatea eta itzultzea, hori eta iloba katuka zugana hurbiltzea etxeko atea zeharkatu eta ahotsa entzun orduko.