Abuztuak 8. Inongo lekuak

Inongo lekuak

Geratu egiten gara ala joan?
Hala ere, geratzen garenean ez gara apur bat joaten?
Eta joaten garenean ez gara geratu egiten?

Hemen, geratu eta joan egiten gara?
Ala honuntz gatoz oraindik?
Eta hara ailegatzean, hona itzultzeko ala harantzago abiatzeko da?

Handik etortzean, han geratu ginen?
Hemen geratzean hemen geratzen gara?
Hemendik joaterakoan hara itzuliko gara?

Joatea itzultzea da beti?
Egundo egon gabeko lekura itzuliko gara?
Eta itzultzea harantzago joatea besterik ez bada?

Geratzen denak betirako geratzen dela pentsa dezake?
Ezinbestekoa da abiatzea eta ailegatu ezinean geratzea?

Abiatzen dena ez da egundo inon geratuko?
Ala itzuliko da?
Baina, itzultzen dena abiatu zen lekura itzultzen da ala?

Joseba Sarrionandia.

Bidean
hotel abandonatuak
barruko haizea galdu zuten mendiak
eta instalazioak
bidean, bidea

Abuztuak 7. Gure bestaldea ere bagara

Ausentziaz betetako garaia ere bagara
gure bestaldea gara
badaezpadakoz, isilunez
guardiaz betetako
garai hura ere bagara
zeharka aukeratu genuenak
zuzenean zaurituak
zaindari txikien brigada gara
beldurrak eta zuloak pilatu genituenak gara
badakigu nor garen
hariak pasatzen dizkiogu elkarri
gure kontakizuna gu gara
eta bizitza sekretuak
asko disparatu zigun irudimena
ausentziekin presentziak osatzeko
gai izan garen arte

Cal Gras-eko (Avinyó, Katalunia) sormen ‘barnetegian’
2012ko uztailak 30etik abuztuak 7ra egindako lana (bozetoa, A4 tamainan).
Bueltan handira.

Abuztuak 6. Poz autokontrolatuetan

Poz autokontrolatuetan bizitzen
ikasi genuen
badaezpada bat une bakoitzerako
jolastu baina badaezpada adi egon
irri egin baina badaezpada ez ozenegi
irten baina badaezpada ez urrunegi
eta hala beheko aroztegian
mundu bat eraiki genuen
eta errepidea zeharkatu
telefono kabinan sartu
eta beste bestalde batekin
hitz egiten genuen
hainbeste badaezpadako
ez dakit ez ote ginen han geratu
bestaldeko poz kontrolatuetan
harrapatuta

Abuztuak 5. Tripetatik

Animali tripekin eginak dira
inguruan ditudan instrumentuen sokak
txerri hiltegi bat dugu alboan
garrasiak entzuten dira batzutan urrutian
muga zeharkatzen genuen aldiro
halaxe oihukatzen zuen nire barruak
hala uzkurtzen ziren tripak
astebururo poliziari Frantziako izeba bisitatzera gindoazela
esaten genionean

Abuztuak 4. Gaztelu Zahar, 14 Juliet 1900

Orduko mende hasieraren zenbakiaren zulo denak
sartu zitzaizkidan barrura
hormari pilota palaz bidaltzen nion
kolpe bakoitzean indartsuago
desesperazioz
galdetzen nion zergatik
zergatik geunden hain gertu eta hain urrun
zergatik eman behar nuen hainbeste azalpen
zergatik galdu nuen hainbeste
zergatik
zergatik aldegiten zuten denek
zergatik
hormak pilota itzultzen zidan
zuloa
erantzuna

Abuztuak 3. Vic

Hari gorria bukatu zait eta Vic-era joan naiz
plaza nagusiko lurra sartu zait begietan
eta hau ikusi dut

Abuztuak 2. Kulunka

Kulunkak han segitzen du
orain oholak eta sokak higatuta
geldi-geldi
ordutik inork dantzarazi ez balu bezala
izena ere gastatu zaio
emaidazu azken dantza bat
esan dit
ez bainaiz, zurekin ez bada.

Dena dago berdin, buzoi herdoilduak testigu.
Gu ez beste dena.

Kevin etorri da haurrei tailer bat ematera.
Haurren algarak eta musika barrokoa uste baino hobeto uztartzen dira
eta tartean ni, harilkari.

Abuztuak 1. Zita

Beroaren aginduetara nago
pausoa aldatu zait
loa.
XVI. mendeko musika piezekin nirekin erregresioan hiru lagun
harizko instrumentuekin
hemen egoteko nik aliatuak eta beraiek aitzakia bat beharko balute bezala
bizitzaren hariak
kasualitate ere esaten zaie

baina zer gertatu zen atzoko atzeko kantoietan?
Non galdu genuen zer?
Zuk zenbat balazulo dauzkazu?

Hondartzakoa ondo gogoan dut
orduan ikasi nuen “zita” hitzaren gerrako esannahia
Gureak gutxi iraun zuen,
oinak hondarrarekin erretzeko
astirik ez zen izan
arriskutsua zen
Banekien itzuliko zinela,
baina itzuli zinen arte
oinak eta bihotza
izoztu zitzaizkidan.