Uztailak 31. Lehenbiziko bala

Badira zeharkatu arren hiltzen ez gaituzten balak.
Horrela joaten gara bizitzan balazuloak pilatzen eta zenbat haize hotz sartzen den.
Aita, noiz itzuliko zara? Hauek izan ziren martxa baten lehen notak.
Gero zuloak geratu ziren.
Gaur hariak daude, hotza mina sentitzeraino zeharkatu eta epeletik segitzeko.

Kontakizuna gugandik hasten da.
Isildu dugun guztia kontatuko bagenu…

eta gaueko 23:00etan ere beroa, bero handia, eguraldiak ere nire alde jartzea erabaki balu bezala.

Bidaia honen soinu banda

Avinyó, Barcelona. 2012ko uztailak 30

Bidaia guztiek dute soinu banda bat, autoan sartu eta kilometroak koskaka jaten laguntzen dizun kantu sorta.
Joaquin Pascual-en azkenekoaren zenbat buelta kabitzen dira 500 kilometrotan? kantuak, entzun, berriro entzun, hirugarrenez entzun eta zure burua auto barruan ozen kantuan sentitzen duzunean, orduan bai, orduan zure bizitzako bidaien soinu banden zerrendan sartzea lortu du. Horixe gertatu zait gaur.
Eta ederra da norbaitekin edo norbaitzuekin bidaiatzea baina o! ez dago bakarrik autoan ozen kantuan bakarrik kilometroak egitea bezalakorik.

“…la mayor parte del tiempo estamos solos…”

…eta ailegatu naiz Avinyo-ra.
2.000 biztanleko herria da. Arratsaldeko zortziak arte barrurantz bizi den herri hoietakoa; pertsianak beheraino jeitsita eta kaleak hutsak dituena (herriko piszina salbu, noski).
Eta gorotz usai eta kale huts artean, CalGras. www.calgras.com
Logela bat, sortzeko leku bat, 500 kilometro harago.
Bertan aurkitu dut Sara, arpa historikoa jotzen du, soka jokoan gabiltza biak.
Aspaldiko siestarik gozoena egin dut Sararen musikarekin kulunkan.

Eguzkia gaurko azkenekotan da, pertsianak gora datoz, bastoi hotsa somatzen da bazterretan eta haurren algarak. Herri hauetan, udan, beti iruditzen zait zaharrak eta haurrak bakarrik bizi direla, tartekorik inor ez dagoela.

eta iluntzeko brisarekin kitto gaurkoak.
Bihar bala zuloetan eta haize hotzetan arituko naiz.
500 kilometro harago.
Joatea beti da itzultzea…