Mendi Urruzunoren bideo ederra, aurkezpenean jasotako irudiekin

Lagun haundiak ditut eta gauza haundia da hori. Mendi Urruzuno-k opari hau egin dit, “FALTA (ez) diren gauzak” erakuskeatren aurkezpen egunean jasotakoarekin. “Bidea eta denbora” (eskerrak (ahulak garen) Anari) behar izan ditut, baina ailegatu naiz, joateko.

Eskaintza bat FALTA zen

Jokoa eten zenean hasi zen FALTA. 1984ko ekainaren 15ean.

Egun horretan ez ginen laura iritsi.

Eraman zuten ama,  ihes egin zuen aitak, galdu nituen haurtzaroa, gorputza eta osabak.

Agur moketa gainean oinutsik osabekin jolasten emandako garaiari. Hainbat etxetan anai-arrebak, seme-alabak, gurasoak,… falta eta osaba-izebak bikoiztu ziren garaiari. Haur haiei esan nahi nieke neri kontutatu zizkidatela eurentzako ziren ipuinak, dena ez zela erabat galdu.

Joseba Sarrionandiari aspaldi “Ez diren gauzak” poema irakurri nionean hasi nintzen pentsatzen sentitzen nuenaz, hasi nintzen galdu nuen gorputzaren bila, hasi nintzen bila.

Ez izateko, ausentzia izateko, nire baitan leku asko hartzen zuen haren bila. 29 urte geroago askatu naiz, lotuz.

1984 hartan bezala orain,  1900ean Hendaian eraikitako Gaztelu zahar frontoian aurkitu ditut erantzunak. Eskuartean hainbestetan izan nituen pilota haietan, eta ulertu nuen paretak zuloa itzultzearekin hariak ere eman zizkidala, larruaren azpian zeudela hariak, hari nintzela.

Bizitza paraleloetan bizi izan ginen haurrei eskaini nahi nieke.

Gurasoei, gero dena ulertu genuela. Hau sentitu genuen hari kantu bat dela.

FALTA izan zitzaidan hark ere egin nauelako nauena.

Ausentziak handiak izan zirela gero, baina presentziak direla barruan gordeta, josita geratu zaizkidanak.

Eta Larraitzi, bidea elkarrekin egin genuelako.

Mina badoa soinekoekin hegan.

FALTA. (Ez) diren gauzak. ERAKUSKETA

FALTA. (Ez) diren gauzak. Azaroak 29/abenduak 29.

29 urte geroago, 2 urtetik 9ra doan bizitzaren trenak utzitako arrastoaren kontakizuna. Gero etorri ziren FALTAk. Klandestinitatea, kartzela, exilioa. Nola bizi izan nituen? Ausentzietatik presentzietaraino doan (h)ariketa.

Mikelazulo kultur elkartea. Beheko kalea 4, Errenteria-Orereta.kartela 1

Zenbat lotu dudan jada, zenbat askatu naizen.

ORIO BAT

ORIO BAT

Nire Orio Hendaian dago

eta ez naiz itzuli

jakiteko balkoiek

gorriak izaten jarraitzen duten.

Nire Orio Hendaian dago

eta itzuli ez naizen arren

begiak itxita ere

asmatuko nuke joaten

Toki berera

hogeitazazpi bide ezberdinetatik iristen

ikasi genuen,

beti bizitza paraleloetan

Eta orain

gorputza gero eta hegorago doakidan neurrian

iparra tiraka ari zait

mapakoak eta estatuenak ez diren mugak

zeharkatu ditzadan

zeharkatu ditzagun