Aldarea

Oiartzunen azaroa/abenduan egin zen Hitzen Lihoa zikloaren barruan, ‘Aldarea’ ikuskizuna eman genuen. Gure meza. Hauexek gure aitorpenak:

“Ozeanoaren ertz abisalean nago. Ozeanoaren zulo beltzean.
5.000 metro ur azpira.
Toki iluna da, ez da eguzki izpirik heltzen itsaso hauetara
Argirik ez eta mundua asmatzeko dagoela dirudi
Itsuak dira bertako biztanleak
Ilunpe horretara egokitzeko asmatu dituzte hegal-ezkatak, begi erraldoiak, hortz zorrotzak, fantasiazko argi fluorrak, azal malguak eta adar luzeak.
Ilunpe horretan asmatu dute euren burua.

Erbesteko itsaso bat da hau.

Habitata norberarekin amaitzen den ozeano puska
Oihu eginez gero, irensten zaituena

Zaila dirudi bertan bizirautea, ez argirik, ez jatekorik eta bakardadea.
Instant batez nabigatu dut itsaso abisala, eta ohitu naiz ilunpera.
Halako batean argi dizdiratsuak ikusten hasi naiz, azalean itsaso geldoaren laztana eta azalaren kontra objetuak bata bestearen atzetik nire arreta piztu nahian, noraez patsadatsuan, hemen gaude, esnatu, esan nahian bezala.
Habitat bakartiak, bizigarrriagoa dirudi.

Baina…
Erbesteko itsaso bat da hau.

Eta batzuetan erbesteak ematen du garenaren neurria.
Hurruntzeak, begiradaren ihes puntua aldatzeak.

Zer ote dira gainera datozkidan objetuok,
nola ailegatu dira hona,
nork habitatu ditu inguru itogarriok nire aurretik.

Fauna abisalaren argia gero eta dizdiratsuagoa da, eta begien aurrean agertu zaizkit denborak igatutako liburuak, mihiseeak, panderoa, espartinak, diskoak, argazki kamara…Mundua sortzeko eta birsortzeko tresnak. Eta megafono batetik ozen, ahotsak, emakumeen ahotsak.
Ahotsak gogoetan, ahotsak kantuan, idazten, dantzan, emakume ahotsak mundua margotzen.

Erbesteko itsaso bat da hau.

Atzoko itsaso bat.
Eta eskerrak etorri naizen, eskerrak honaino erori naizen.
Erbesteko itsaso bat da hau eta orain arnasa hartzen ari naiz.

Zenbat pentsamendu, zenbat sormen, zenbat irakaspen, zenbat determinazio
Atzoko itsaso hauetan.

Gaur, itsaso ilun hauetan euren burua asmatu zuten emakumeak gurtzeko elkartu gara hemen. Mundua bestela irakurtzeko kulturgintzan aritu ziren emakumeen lana aitortzeko.
Ilunpetan euskal kulturaren karta nautikoa asmatu izana eskertzeko.
Nabigaziorako karta bat utzi ziguten.

Erbesteko itsaso bat da hau

Jarrai dezagun nor izateko mapa marrazten.
Jarrai dezagun euskararen bila
Jarrai dezagun herriaren bila

Gaur eurentzat da kultua, kultura, ura.
Gaur eurentzat da ozeano abisalean aurkitutako objetuekin egindako aldarea.
Gurtu ditzagun sortzen jarraituz.

Izan gaitezen gure baitako ozeano.
Pilatu ditzagun itsasoak.
Nahastu ditzagun atzoko eta gaurko urak
Galde diezaiegun atzokoei. Ikertu, arakatu, irakurri, entzun.
Gelditu eta entzun. Eta ekarri argira.
Iturria hor dago eta itsaso abisaletaraino doa.

Eta ur abisaletako nabigazioaren ondoren, zeharkatu ditzagun bizi-bizi itsasoak
Eta egin salto, ur azalera jauzi, ur azaletik plazara jauzi.
Egin dezagun erbestea etxe.

Beti da iluntasuna aukera bat, mundu berriak sortzeko.
Jalgi adi plazara!”

Ainara Lasa Perez

Atzamar txiki haiekin

Atzamar txikiegiak zituen kautxozko pieza haiek eskuartean hartzeko. Baina ez da beti aukeratzerik izaten, eta jango bazuten, lanean hasi beharra zeukaten etxeko denek. Bere aita, aitona Teo, enbolia batek jota aurkitu zuten etxeko komuneko zoruan eta akabo ikasketen bidea. Hamalau urterekin hasi zen lanean Oiartzungo Catelsan.

Tunel batek banatzen zituen etxea eta lantokiko hamabi orduko jarduna. Pozik joaten zen lanera, eta han irabazitakoarekin erosi zuen ilusio handiz gaur egun bizileku duen etxea.

Tunel batek banatzen zituen etxea eta lantokia, eta gogoan ditu bateko eta besteko oroitzapenak.

Nahiago luke tunel ilun harek gogora dakarkion beldurra ahaztea. Catelsan lanean eman zituen sei urteetan, hiru emakume bortxatu zituzten bide labur ilun eterno hartan.

Maribel Perez Alzualderen oroitzapenak eraisten ari diren Catelsa lantegira egindako bisitan.

Oiartzun, 2017ko otsaila

 

Ofelia lo-ibiltari

Goiz batez beste norbait izateko proposamena egin zidan Alvaro Ledesma artistak. ‘Retrazos’ proiekturako bolondresak behar zituen. Elkarrekin erabakiko genuen nor izango nintzen.

Nor izan ez nekiela, baina, erreka bat eta kamisoi zuri bat proposatu nizkion. Goiz umel hartan, berak erabakitzea nahi nuen. Jakitea, zein garen bestearentzat.

Jatetxe abadonatu batera joan ginen; jangelan, urre koloreko oihalezko mantelak, kopa urdinak, arrainontzi zahar bat eta etxeko alaba arkitektuaren maketak apalean. Ez dut esango non. Seguru nago presaka alde egin zutela handik, akaso beste norbait izateko, beste nonbait, izateko.

Hiru ordu eman genituen han. Hiru orduz izan nintzen beste norbait, hiru orduz arindu nuen pixka bat zama. Hotz egiten zuen, hotz handia. Erreka hotzak zeharkatzen gaitu maiz.

Argazkietako batek, Parisera bidaia egin du, Alvaroren beste hainbat lanen artean. Ofelia ikusi du argazkian ikusle batek. John Everett Millaisen  ‘Ofelia errekan hila’ koadroa gogorarazi dio. Ofeliak, etzanda hila zetzan errekan margolanean, sukaldean eta zutik nengoen ni, edo ni instant horretan nintzena. Loreen lekuan, arraska zaharrean barrena, goroldioa eta sasiak.

Ofelia, begiak zabalik hila. Nik, instant batez itxi nituen, beste norbait izateko.

Errekak zeharkatzen gaitu maiz.

Milesker bihotzez, Alvaro.

12571419_1214525711909365_13234720_n ofelia